Galegoz / Gaztelaniaz / Katalaneraz / Ingeleraz

Ipuinen ahozkotasuna demokrazia berrezartzeko bektore garrantzitsua izan daiteke, hiru arrazoi nagusi tarteko:

1.- EDUKIAGATIK, istorioak pertsonaz ari direlako:

Ipuin tradizionalak, norbanakoaren arlo guztiak jorratzen ditu, jendartearen parte diren aldetik. Existentziaren galdera handiez ere arduratzen dira, bizitzaren misterioaren giltzarri diren aldetik, horretarako azalpen errealistarik eta astunik erabili gabe. Ametsak, poesia, sinbolikotik uztartzen ditu, egiazki emantzipatzailea den lotura baten bitartez, imajinazioa askatuz eta pertsonaren garapen psikologikoa ulertzen lagunduz. Baikortasuna beharrezkoa da: haurrek beren etorkizuna alda dezakete, ikasten dute beraientzat zer den ona eta zer ekidin beharrekoa. 

Kontalariak izan edo entzuleak izan, etorkizuna izango duen bizi ikuspegia garatzeko aukera eta beharra  dugu, elkartasunean eta ausardian oinarrituko den bizi ikuspegia. Honela, bakoitzak bere hurbilketa propioa egin dezake ipuinera, norbere irakurketaren arabera, modu atsegin eta sentituan. Maliko "Hampate-Ba" griottak zioen moduan: ipuinekin haurrek ongi pasatzen dute, helduek lanaren ondoren atseden hartzen dute, eta ilezuriak zer pentsa jartzen ditu. Bestela esanda, ipuinak, gure baitan ditugun hiru esparru bildu ditzake: afektiboa, ludikoa eta kognitiboa.

2. FORMAGATIK, ipuina pentsamenduaren motore da:

Eraikuntza narratiboa, eszenikoa eta dramaturgikoa eraldaketarako baliabide ezin hobeak dira, heroiaren ahalegin eta probak modu katartikoan jarraitzen ari den ikuslearentzat, dramarekiko distantzia konplize eta umoretsua mantenduaz. Honela, hitzek ahalbidetzen dituzte interpretazio anitzak, desbideratzeak, lotura desberdinak, nolabaiteko gaizkiulertu sortzaile baten baitan... Elkarrekin jarrai dezakegu istorioa, norberak bere bidea eginez.

Ahozko narrazioak, argi eta garbi planteatutako arazo bati erantzuna ematen dio era sinple eta eraginkor batean, jarraian datoz elkarri kateatutako ondorioak, eraldaketa ahalbidetzen dutenak. 

Konturatzen gara pertsonen burmuinak informazioa laburbiltzeko gaitasun multisentsorial harrigarria duela modu narratiboan ematen zaigunean: pertsonaiaren egoera; bilaketa baten garapena; joan-etorri eta itzuliak; ondorioa. Ikuspuntu horretatik, "storytelling" estatubatuar liberala ez dabil txarto, publizitatean eta politikan modu narratiboak erabiltzen dituenean istorioak (literalki eta figuratiboki) kontatzeko, herritar-kontsumitzaileak faltsua den "elkarbizitza" proiektuaren diktadurapean jartzeko.

Ipuinaren enuntziatuak helmuga batera iristeko bidea erakusten digu, ipuina nolanahikoa delarik ere: miragarria, azkarra, kateatua, kondaira, epopeia, mitoa, ... Entzuleari inplizituki egitura bat eskaintzen dio.

3. PROPOSATZEN DUEN JENDARTE HARREMANAGATIK

Ipuinen ikuskizun batera erakar dezakegu antzerkira gerturatuko ez litzatekeen pertsona: liburutegira, kultura etxera, herriko plazara, etxe partikularretara, auzo txiroetako gazteengana, zaharrengana... eta eszenarako aproposak ez diren lekuetara. Gertutasun honek ahalbidetzen du elkarrizketa berreskuratzea komunikazio sinple baten bidez, merke bidaiatzea, iruditeri propioa sortzea. Elkarbizitza patxadaz partekatzeak, artistaren papera desakralizatzea eta gerturatzea errazten ditu. 

Ikuskizun soil honen indar gunea da denok ezagutzen duten erabateko akordioan oinarritua dagoela: "ez dago ezer, dena imajinatu beharra dago". Kontalariak BERE publikoarekin sortzen duen konplizitatea, modu ezin hobea da mundua bere konplexutasunean azaltzeko, ia bitartekorik gabe. Imajinarioak ez du mugarik, dena da posible... "Guk" onartu dezakegu, ametsetan legez, espazioa eta denbora zeharkatu ditzakegula, hegan egin dezakegula, eraldatu gaitezkeela, iruditeri fantastikoei aurre egin diezaiekegula, hemen eta orain, artifiziorik gabe, aulkitik altxa gabe... Kontalariak, nolabaiteko kulturaren paraxutistak dira. Ez dute zaratarik egiten "Reality show"en kontzertu mediatikoan, baina proposatzen diguten bidaia gure baitan iltzatzen da barne-barneraino eta modu ahaztezinean. Edozein ausartu daiteke kontatzera, bere izateko era bereziarekin. Gazteek bereziki, modu honetan aurki dezakete artearen mundura hurbiltzeko bidea, beren buruan konfiantza lantzeko modua, eta hitzek eskaintzen duten modu anitzak garatuaz adierazi nahi duten guztia aditzera emateko era.

Bukatzeko, hizkuntza zokoratua den garai honetan, (irudiaren hegemonia, iragarki bihurtutako hitz sinplifikatuak, multinazionalek garatutako kultura estandarraren gailentzea), ahozkotasunaren bitartez partekatutako hitza, hauskorra, anitza, heterogeneoa, fantasiaz betea, interpretazio librekoa, eta pentsamendu bakarretik haratago doana, aukera sinesgarria da alderdi humanoa babesteko, merkatu bihurtutako munduak era programatuan bultzatzen gaituen indibidualismotik urrun.  

Zuzendaria eta kontalaria. Frantzia
Itzulpena: Dorleta Kortazar 

Add comment


Security code
Refresh