1997. urtean jaio nintzen ipuinak kontatzen diren mundura, istripu larria izan eta sendatzen denbora dexente eman ostean.
Egun horretan berriz jaio nintzela esaten dute eta baliteke egia izatea, nik horrela bizi ez arren.
Nere errepertorioa istorio eta ipuin ezberdin mordoxka batek osatzen du, baina gehien eman izan didaten ipuinak errepikatzera jotzen dut.
Ipuinak denboragabeak dira, ez dute adinik, eta gugan barneratzen dira nere herriko zirimiria baino are gehiago, eta ez da gutxi.
Umeek liluratu egiten naute eta batez ere umeentzat kontatzen dut, 3 urtetik aurrera eta 12, 14 edo 16ra bitartean, motaren arabera.
Haurtxoak bai munduari irekiak, benetazkoak, egiaren bilatzaileak... eta horixe da nere ipuin emanaldietan helarazi nahi dudana, egia; sentimenduen egia, eskaintzaren egia, kontatzea benetazko egintza izan dadila eta horrexegatik izan dadila interesgarri, zerbait eskainiz, emozioa, sentimendua, bizipena...
APIKA da gure talde txikiaren izena.
APIKA da ere gure txoko txikiari ematen diogun izena, bulego, entsaio-leku, ikasketa-leku, ikerketa-leku, sorkuntza-leku...
APIKA Leire Basarrate eta nik neuk osatzen dugu. Eta hementxe gaude, antzerki, ipuin eta pailazokerien mundu honetan, eta moldatzen gara bai, nahiko ondo dihoakigula esan dezakegu.
Ipuinen, umorearen eta antzerkiaren bitartez, bai Hezkuntza Legeetan agertzen diren helburu eta balioak, bai pertsona gisara defendatzen ditugun helburu eta balioak, landu daitezkeen uste osoarekin lan egiten dugu. Guztiz present dugu haurrekin lan egiterakoan zer igorri “nahi diegun” eta badakigu ere “nahi gabe” zer igortzen diegun arreta handiz aztertu beharra dagoela. Hala, egiten dugunaz kontzienteago gara eta behar izanez gero zuzenketak egiteko aukera daukagu, formakuntzan dauden izakiekin lanean ari baikara eta hezitzen ari baikara.
Eta bukatzeko (edo hasteko) istorio baten zatitxo bat:
“ -- Kax, Kax Sar naiteke? Azken gonbidatua naiz eta.
Eta bat batean Iratiren gela kolorez bete zen: gorri disdiratsuaz, urdin disdiratsuaz, berde disdiratsuaz eta goibel disdiratsuaz."