Irakurtzea, antzeztea, komunikazioa, pertsonak, bidaiak… oso gustokoak izan ditut txiki txikitatik. Nola jakin behar nuen nire egunerokotasuna osagai horiekin guztiekin osatu behar nuela?
Kazetaritza ikasi nuen hizkiak maite nituelako, antzerkigintzan murgildu nintzen gorputz-espresioak liluratzen ninduelako eta bi pasio hauetatik datorkit nire gaur egungo jarduera: ipuin kontalaritza.
2012ko abenduan 10 urte egin nituen ipuinak kontatzen liburutegi, ludoteka, kultur etxe, liburudenda, eskola, elkarte, herrietako jai eta ipuinak entzuteko gogoz zeuden leku guztietan. Urte hauetan haurrei zuzendu naiz gehienetan, nire abotsaz, gorputz adierazpenaz eta hainbat objektuz baliatuz.
Urteak pasa ahala helduekin egoteko irrika sartu zait gorputzean, ni neu ere zahartzen ari naizelako izango da, eta horregatik nagusiekin konpartitzera animatu naiz ipuin kontaketa saioetan eta ipuinak kontatzen ikasteko ematen ditudan tailerretan.
Gaur egun jende txikia, ertaina edo heldua ipuinak entzuteko gogoz badago, hantxe topa nazakezu istorioak kontatzen.